Ostirala, 2013-05-24

Etiketen Fitxategia | ampo

Zortzi autobus abiatu dira 08:00etan Ordiziatik Santanderrerantz

Ampo Ordiziak eta VRAC Quesos Entrepinaresek Santanderren jokatuko duten Espainiako Koparen finala ikusteko zortzi autobus abiatu dira 08:15 aldera Arboladitik. Zale asko taldearen elastikoa jantzita inguratu dira, eta giro ona sumatzen da jendearen artean. Teknikari eta jokalariak atzo goizean abiatu ziren, eta baita beste ehunka zale ere, askok eta askok asteburu pasa egiteko baliatuko baitute [...]

Suquiak ere Ampo Ordizia babestuko du aurten

Etxe-tresnak eta sukaldeak saltzen dituen Suquia denda Ampo ordizia errugbi taldearen babesle taldera batu da. Beste hainbat negoziok egin duten moduan, Suquiak ere jokalari bat babestuko du: JOn Barandiaran, hain zuzen. Barandiaran babesteaz gain, Suquiak %5eko deskontua egingo die Ampo Ordiziako bazkideei.  

Ampo Ordizia Kopako finalerdietara

Ampo Ordiziak denboraldiko lehen garaipen handia lortu zuen atzo Altamiran, El Salvador taldeari 24-8 irabazi eta Espainiako Kopako finalerdietara sailkatuta. Iazko Kopako bi finalistak aurrez aurre izan ziren atzo, eta lehen zatian indarrak oso parekatuta egon baziren ere, bigarrenean sendo aritu ziren Axio Arañak zuzendutako mutilak, eta Kopako titulua berreste bidean beste urrats bat egin zuten. Udaberrira arte ez dira jokatuko Kopako finalerdiak, eta Ordiziak Bizkaia Gernika izango du aurkari. Finalerdietako lehen partida Altamiran  jokatuko da martxoaren 2an, eta itzulikoa Gernikan, apirilaren 14an. Espainiako Kopako finala maiatzaren 5ean izango da. VRAC Quesos Entrepinaresek eta La Vilak jokatuko dute beste finalerdia. Ia lau asteko etenaren ondoren, liga datorren asteburuan jarriko da berriz abian. Ampo Ordiziak Santboiana hartuko du Altamiran.

Ampo Ordiziak La Vila egurtu da Alacanten (26-58)

Ampo Ordiziak sekulako garaipena lortu zuen atzo Vila Joiosako El Pantano zelaian, La Vilari taldeari 26-58 irabazi eta gero. Ampo Ordiziak zortzi entsegu egin zituen guztira, eta partidaren bukaeran, hiru laurdeneko lerroko jokalariek eta melee erdiko postuan jokatu zuen Mikel Aizpurua harrobiko jokalariaren lana nabarmendu zuen Axio Araña entrenatzaileak. Ordizia indarrean atera zen zelaira, eta 3. minutuan aurretik jarri zen markagailuan Groenewald hegoafrikarraren entsegu bati esker (0-7). Krollek beste bat lortu zuen 14. minutuan (0-14), eta Tudelak hurrengoa 28.ean (0-21). Tartean Alacantekoen entsegu bat eta Krollen ostiko bat etorri ziren (7-24), eta Groenewalden bigarren entseguarekin bukatu zen lehen zatia (7-31). Lau entsegu lortuta, puntu gehigarria eskura zuen Ordiziak. Asteburuan derbia Gernikaren aurka Bigarren zatia irekiagoa izan zen, eta La Vilak markagailua zertxobait txukuntzeko baliatu zuen. Bigarrenean ere entsegu festa izan zen El Pantano zelaian, eta gorputzaldi onarekin hartu zuten etxerako bidea Ordiziakoek. Albiste txar bat ere jaso zuten, Haddarrek min hartu zuela. Horrez gain, jokalari dezente daude kolpeak hartuta, eta aste honetan lana gogotik egin beharko dute fisioterapeutek jokalari sorta hori berreskuratzeko. Izan ere, gogor lan egin beharreko astea datorkie Ampo Ordiziakoei. Larunbat arratsaldean, eta ez igande eguerdian, Bizkaia Gernika liderra hartuko du Ordiziak Altamiran, eta berebiziko garrantzia duen partida [...]

“Ilusioz beteta” ekingo dio ligari Ampo Ordiziak

“Egin ditugun aldaketak ilusioz egindakoak izan dira, eta espero dut aldaketak onerako izango direla”. Axio Araña Ampo Ordizia errugbi taldeko entrenatzailearen hitzak dira horiek, gaur eguerdian Olaberriko Castillo Hotelean eginak. Iaz bezalaxe, leku bera erabili du Ordizia Rugby Elkarteak lehen taldearen aurkezpen ofiziala egiteko. Arañarekin batera, Santos Regil kirol zuzendari berria eta Phil Huxford jokalari eta hiru laurdeneko jokalarien entrenatzailea, Ignas Darkintis harroin lituaniar fitxatu berria eta harrobitik lehen taldera igo berri den Mikel Aizpurua 19 urteko gaztea izan dira. Errugbi elkarteko ordezkari modura, Antonio Villafranca Villa prentsaburua izan da ekitaldian. Hainbat babesle ere izan dira gaur Castillon. Afizionatu izatetik amateur izatera Santos Regil izan da hitza hartzen aurrena. Regil jokalari ohia da eta beheko mailako taldeetan eta bigarren taldearen entrenatzaile gisa aritu da orain arte. Gogoratu du Ordizia Rugby Elkarteak orain urte batzuk erabaki zuela etxeko jendea entrenatzaile modura formatzea etorkizunean ardura postuak izateko, eta berari aurten iritsiko zaiola ardura hori betetzeko garaia. “Mentalitate aldaketa egon da azken urteetan klubean. Profesionaltasuna urruti dago, baina afizionatu mailako errugbia egitetik amateur mailako errugbia egitera pasatu nahi dugu. Hori da daukagun ideia”. Axio Araña “ilusionatuta” dago denboraldi berriari begira. Araña jakitun da iaztik hona klubaren egituran egin diren aldaketek zeresan handia eman [...]

Julen Goia eta Mikel Mungia Biarritz Olympique Espoirsera doaz

Ordizia Rugby Elkartearen beheko mailetan hazi eta Ampo Ordizian zaildutako Julen Goia idiazabaldarrak eta Mikel Mungia Txungi beasaindarrak Biarritz Olympique Espoirs taldean jokatuko dute datorren denboraldian. Espoirs Biarrizko 23 urtez azpiko mutilen taldea da, eta bi goierritarrek datorren astelehenean ekingo diote aurredenboraldiari Lapurdiko talde ezagunean. Ordizia Rugby Elkarteak zortea opa die bi jokalariei. Tom Parker da Frantziako Ligan ariko den Ordiziako beste jokalari ohi bat. Federal 1 mailako R.C. Vannes taldean ariko da datorren denboraldian. Talde hori Donibane Lohizuneko multzo berean ariko da lehian.

Krollek, Huxfordek eta Simpsonek kontratua berritu dute

Bestelako albiste baten berri emango du gaur Ordizia Rugby Elkarteak. Taldearentzat garrantzitsuak diren hiru jokalarik urtebeterako berritu dute kontratua; Danny Krollek, Phil Huxfordek eta Corey Simpsonek. Argazkian Kroll eta Huxford ageri dira Aitor Araña presidentearekin. Simpson ez da irudian azaltzen, oporretan baitabil. Aste hauetako kontua da Tom Parkerrek, Kesomi Lolotongak eta Toby Freemanek ez dutela taldean jarraituko du, ezta Paul Healy kirol zuzendariak ere.

Toby Freeman Inglaterrara itzuliko da

Informazio jario handiarekin dabil azken egunetan Ordizia Rugby Elkartea. Kesomi Lolotongak, Tom Parkerrek eta Paul Healy kirol zuzendariak ez dutela jarraituko gauza jakina da honezkero, eta gaurko kontua da Toby Freeman Inglaterrara itzuliko dela. Inglaterrako National One mailan ari den Rhoterham Titans taldeak eskaintza bat egin dio, eta hara itzultzeko erabakia hartu du jokalari inglesak. AVIVA Premiership Inglaterrako maila gorenaren ondorengo maila da National One, eta Rhoterham Titans liga horretako oilarretako bat da. Maila bikaineko errugbilariek jokatu izan dute Freemanen hurrengo taldean, honakoek besteak beste: Oriol Ripoll, Ramiro Pez italiarra, Erik Lund, Sean Lamont eskoziarra, David Strettle inglesa… Ordizia Rugby Elkarteak jakinarazi du Freemanen eta beste jokalarien bajak betetzeko lanean ari dela, eta egun gutxi barru iragarriko dituela zein diren fitxaketa berriak. Etorriko diren jokalarien lana zelaian nabarmentzea izango da, eta harrobiko jokalariei babesa eman eta osagarriak izatea.

Paul Healyk ere ez du Ampo Ordiziako jarraituko

  Tom Parker eta Kesomi Lolotonga jokalariek Ampo Ordizian ez zutela jarraituko atzo zabaldu bazen, gaur arratsaldeko kontua da Paul Healy kirol zuzendariak ere ez duela taldean segituko. Erabakia klubaren zuzendaritzak hartu du, entrenatzaile taldearen eta jokalarien ordezkariekin adostu eta gero. Zuzendaritzak kaleratu duen oharrak dioenez, hartutako erabakia “ez da erreza izan inorentzat”, baina Paul Healyren aurtengo denboraldirako zituen betebeharrak aztertu ondoren hartu du klubak erabakia. “Kirol eta formazio arloa lantzea azaltzen ziren kontratuan, eta zoritxarrez ez dira bete helburu horiek”. Oharraren arabera, aurtengo lorpenak aurretik egindako lanaren ondorio izan dira. Zuzendaritzak aurreratu du egun gutxi barru jakinaraziko dutela zeinek beteko duen Healyren lekua, eta ez duela gai honi buruzko iritzi gehiago kaleratuko.  

Tom Parkerrek eta Kesomi Lolotongak ez dute Ampo Ordizian jarraituko

Hasi dira nobedadeak Ampo Ordizia errugbi taldean. Lehena, behintzat, datorren denboraldian taldean jarraituko ez duten bi jokalariren berri ematea izan da. Klubean lau urtean egon den Tom Parker eta iaz etorritako Kesomi Lolotonga ez dira ariko datorren denboraldian Ordiziako taldean. Klubak eskerrak eman nahi dizkie bi jokalariei urteotan egin duten lanarengatik. Parkerrek Espainiako nazionalitatea ere badu, eta une honetan Espainiako selekzioarekin kontzentratuta dago Moskun Errusiaren aurka jokatzeko datorren larunbatean, hilak 19. Bestaldea, Ampo Ordiziako hamar jokalari deitu ditu euskal selekzioak Espainiako autonomien arteko txapelketan aritzeko. Joanes Aierbe, Axier Alvarez de Eulate, Xabier Lerma, Imanol Iruarriz, Iñaki Suso, Julen Goia, Iñaki Puyadena, Aitzol Idiakez, Asier Korta eta Iker Elorza dira deitutakoak. Hilaren 19an, 23an, 29an eta 31n, eta ekainaren 5ean eta 7an lan saioak egingo dituzte, eta lehen partida ekainaren 2an jokatuko dute Altamiran Kataluniaren aurka. Hurrengo partida Madrilen jokatuko dute, ekainaren 9an.