Asteartea, 2014-12-23

Opariak guztientzat

Jostailuak elkartrukatzeko azoka antolatuko duten bigarren urtea izango da aurtengoa.

Jostailuak berrerabiltzearen garrantziaz kontzientzia piztea eta pertsonen arteko harremanak sendotzea. Helburu horiek ditu bihar eta etzi Urretxun egingo duten jostailuak elkartrukatzeko azokak. Bigarren urtez antolatuko dute azoka, Urretxuko eta Zumarragako gizarte zerbitzuetako kale hezitzaileen eta Zumarragako Matxinel gazte txokoaren ekimenez.

Bihar eta etzi antolatuko duten azokaren oinarria, «etxean pilatzen diren eta erabiltzen ez ditugun jostailu horiei berriz erabilpena ematea» da, Demelsa Gomez kale hezitzaileak argitu duenez. Egoera onean dauden eta jolasteko beharrezkoa den material guztia duten jostailuak azokara eramatea da, bertan parte hartu ahal izateko bete beharreko baldintza bakarra.

«Jostailu baten truke beste bat jasotzeko aukera egongo da, eraman denaren kalitatea eta batez besteko prezioa zein den kontutan hartu gabe», zehaztu du Estitxu Matias kale hezitzaileak.
Jostailuak hartzerako orduan guztiei aukera berdinak eman nahi zaizkie, «Gabon hauetan haur guztiek jostailu bat izan dezaten». Izan ere, gero eta gehiago dira zailtasunak dituzten familiak; hori horrela, «azokan soberan geratzen diren jostailuak familia horientzako gordeko dira edo, bestela, Caritas bezalako erakundeetara bideratuko ditugu», gaineratu du Gomezek.

Balioetan sakonduz
Matxinel gazte txokoa Zumarragako Leturia auzoan dago kokatuta. Jessica Cantero hezitzailearen azalpenen arabera, 6 eta 11 urte arteko haurrentzako irekitako gunea da. Gazte txokoa «estrategikoki kokatuta» dago bertan, «kultura ezberdinetako herritarrak batzen direlako» bertan. Gune horren helburu nagusia, haur hauei «aisialdirako aukera giza hezitzaile bat eskaintzea da, baita aisialdia era baikorrean gozatzeko bitartekoak eskaintzea ere», gaineratu du Canterok.

Kale hezitzaileen lan esparrua hezkuntza ez formalean kokatzen da, «11 eta 18 urte arteko gazteekin». Kalean lan egiten dute, gazteak herriko egunerokoan eta «baliabide normalizatuetan txertatzeko» helburuarekin. Elkarren arteko harremanak dituzte lan tresna, «aisialdia beste modu batean erabili dezaketela irakasteko eta nerabeen garapen prozesuan laguntzeko».

Gabonei begira balioetan sakontzeko antolatuko dituzten ekintzen artean dago truke azoka. Elkartasun ekintza bat aurrera ateratzeaz gainera, «konpromisoa, ardura eta talde lana landuko ditugu», diote hezitzaileek, azoka gazteekin batera antolatuko baitute. Urretxuko Gernikako Arbola plazan jarriko dute azoka, 17:00etatik 19:30era. Ostiralean, Santo Tomas egunarekin bat egingo dute, eta azokak iraun bitartean txorizo pintxoak ere banatuko dituzte.