Ostirala, 2014-10-31

Goio Lekuona: «Matematika buruko soinketa da, ulertu, aplikatu eta ebatzi egin behar da»

Goio Lekuona (Ordizia, 1967) Beasainen bizi da eta Zumarragako La Salle-Legazpi ikastetxean matematika eskolak ematen ditu. Aurreko astean EHUren Matematika erakusteko moduaren inguruko gogoeta udako ikastaroan parte hartu du. Izan ere, orain hamalau urte irakasle lanetan hasi zenetik, erakusteko beste bide batzuen bila aritu da. Matematikarekiko eta informatikarekiko pasioak bultzatuta egiten ari den ibilbidea da. Pasio horren isla dira apurtutako besoan jarritako igeltsuan marraztutako formulak eta geometriak, baita poltsikoan beti daraman kalkulagailua ere.

Irakasle lanetan hasi zinenean ez al zinen ondo konpondu koadernoekin?
Ez, egia esan. Informatika mundutik etorrita lan egiteko tresna berriak bazeudela eta, erabiltzearen alde egin nuen. Lana atseginagoa egiteko, batik bat.

Zertan lagun diezaioke ordenagailuak, zehazki, ikasleari?
Matematika beti lotzen da eragiketarekin, baina benetako matematika da jakitea zein den egin behar den eragiketa. Teknologia berriek eragiketa beraren lan astuna kentzen dute.

Zuk kalkulu orria matematika ikasgelara eraman duzu.
Bai, ekuazio sistemen ebazpenerako kalkulu orria egin nuen. Telefonica-Microsoft Fundazioak saria eman zidan, eta orduan hasi zen eromena.

Zergatik eromena?
Ez nuen espero matematikarekin lotutako sari batek hainbesteko zalaparta sortuko zuenik. Hamar urte dira saria eman zidatela. Web orria nuen eta bisitak barra-barra izan nituen. Beste irakasleek Lekuona Metodoa deitu zioten eta izen horrekin geratu da. Ordutik ikastaroak egin eta eman ditut.

Nola erakutsi daiteke matematika gustagarria izan dadin?
Matematika pertika-jauzia dela esaten diet ikasleei. Tresna asko menperatu behar dira: indarra, korrika egiteko gaitasuna, oreka… Ikasleei gustatzen zaien adibidea da. Indar guztiak batera menpean izan behar dira, ez dela erraza ere esaten diet.

Eta formulen testuinguruak balio al du?
Bitxia da, baina matematikan, beste zientzietan ez bezala, ez dugu orokorrean testuingururik agertzen. Emaitzak ematen ditugu eta emaitzak emanda badirudi lehenengoan asmatutako formula dela; horrela izan ez bazen ere, ez dugu kontatzen. Formulak zuzenean eman eta aplikatzeko eskatzen diegu ikasleei, baina matematika buruko soinketa da, ulertu, aplikatu eta ebatzi egin behar da.

Buruko soinketa horren adibiderik?
Ikasleei karratu bat eman eta bere azaleraren erdiarekin barruan figura bat egitea eskatuko bagenie, matematikaren hainbat bide lantzeko aukera emango genieke. Ikasleek bere kabuz bide ezberdinak jorratuko lituzkete. Testuliburuetako ariketek ez dute biderik irekitzen, ez diete pentsatzen uzten, ezta matematika aplikatzen ere.

Zer diozu testuinguru historikoaren erabilpenaz?
Polinomioekin Rufiniren formula erakusten diegu, baina ez diegu azaltzen Rufini nor zen. Bide horrek irakasgaia prestatzeko beste aukera bat ematen du. Ikasleei esaten diet ez dakidala nire lagun grekoek, Pitagorasek, Alejandriako Heronek edota Euklidesek zer egingo luketen kalkulu orri bat eskuetan balute…

Matematika egunerokoan baldin badago, non dago?
Upel baten forman, loreetan edo zuhaitzetan, adibidez. Matematikan badago zenbaki berezi bat baino gehiago. Pi horietako bat da eta urrezko zenbakia beste bat. Urrezko zenbakia diseinatzaileek erabiltzen dute, esate baterako, kreditu txarteletan eta mugikorretan. Edertasuna islatzen duen zenbakia da, proportzioei lotutakoa.

Horretaz guztiaz hitz egin al duzue udako ikastaroan?
Bai. Punta-puntako irakasleak izan ditugu. Jose Antonio Morak, adibidez, margo ospetsuak aztertu ditu figura geometrikoen bila, eta pila bat aurkitu ditu. Velazquez margolariaren liburutegia, esaterako, matematika liburuez beteta omen zegoen.

Nola eraman daiteke hau guztia ikasgelara?
Gero eta tresna gehiago ditugu. Geometria eta algebra lantzeko geogebra software-a daukagu. Leonardo Da Vinciren Vitriubioko Gizona margoan simetria lantzen dugu; testuliburuetan simetria lantzeko marra bat eta puntu bat ematen diete ikasleei. Nire apustua benetako egoeren bidez matematika erakustea da. Simetria lantzeko beste modu bat ere badut, eskolako dorrea neurtzea, hain justu. Ikasleak asko aldatu dira. Arreta azkar lekuz aldatzen duten ikasleak dira, eta guk ordubeteko matematika eskola astunak eskaintzen dizkiegu. Kasu gutxiegi egiten diegu ikasleei.