Ostirala, 2013-05-24

Goierri saskibaloia EBA Ligan arituko da lehenengoz datorren ikasturtean

Goierri saskibaloi saileko arduradunak eta jokalari batzuk Urretxuko Iparragirre plazan.

Urretxuko Goierri kirol elkarteko saskibaloi saileko lehenengo taldea Espainia mailako EBA Ligan arituko da datorren ikasturtean. Urretxun saskibaloiak azken urteetan bizi duen loraldiaren isla da hau, Goierrik lehenengo aldiz jokatuko baitu maila honetan. Albistea pozgarria da, baina elkarteari ahalegin ekonomiko handia suposatuko dio.

EBA Liga Espainiako saskibaloiko laugarren mailari dagokiona da. Goierriri beste talde batzuk uko egin diotelako etorri zaio maila honetan parte hartzeko aukera. «Gure mailan bosgarren egin dugu sailkapen orokorrean. Lehenengo eta bigarren egin duten taldeek izaten dute zuzenean mailaz pasatzeko aukera», azaldu du Xabier Chico entrenatzaileak.

Aukera aurkeztu zaienean, aldekoak eta kontrakoak aztertu eta gero, proposamena onartzea erabaki dutela adierazi dute. «Elkarteak 24.000 euro gehiagoko gastua izango du, baina era berean, Goierri mailan saskibaloia sustatzeko eta gure jokalariak motibatzeko balioko duela uste dugu», adierazi du Ion Pol Agirre saskibaloi saileko ordezkariak.

Laguntzaileen bila
Datorren ikasturteari begira, EBA Ligan mantentzea da elkartearen asmoa. «Jokalariek txipa aldatu beharko dute, beste erritmo batean entrenatu eta jokatu beharko dugulako», esan du entrenatzaileak. Gainerakoan, taldea bere harrobiko jokalariez baliatuko da %80ean, baina lau bat jokalari ekarri dituzte kanpotik «taldea indartzeko».

Suposatuko duen aparteko gastu ekonomikoari aurre egiteko, berriz, laguntzaileak bilatzea da Goierrikoen asmoa. Horretarako, propio eratutako talde bat lanean hasita dago jada, buru belarri irailean hasiko diren arren. Enpresetara joko dute batez ere, baina bazkide txartela ere aterako dute aurten. Chicok azaldutakoaren arabera, «20 euroren truke Aldiri kiroldegian partidu guztiak ikusteko aukera izango dute bazkideek. Eta hilero zozketa batean parte hartzeko aukera ere izango dute».

Saskibaloi elkartean hamabost talde daude gaur egun, 150 bat jokalarirekin. Horietatik «%45 neskak eta %55 mutilak dira», zehaztu du Chicok. Atzera begiratuta, urte gutxiren buruan «lau talde izatetik hamabost talde izatera» igaro zirela gogoratzen du elkarteko arduradunak. Horregatik, Urretxun eta Zumarragan saskibaloia bere «unerik goxoena» bizitzen ari dela baieztatzen dute.

Urrian hasiko da EBA Ligako denboraldia, baina irailean, Goierrik talde guztien aurkezpena egingo du. Oraindik, nahi duenak izena eman dezakeela ere gogorarazi dute arduradunek.