Zumarragan eta Urretxun Geltokietako jaiak ospatzen ari dira asteburuan. Atzoko bertso afariaren eta dantzaldiaren ondoren, adinekoentzako eta umeentzako ekitaldiak izan dira gaur nagusi. Eguerdi partean toka txapelketa egin dute, eta arratsaldean mus txapelketa. Ekitaldirik jendetsuena, 18:00etatik aurrera hasi da. 300 bat umek parte hartu dute koreografia lehiaketan, 53 taldetan banatuta. Urretxu eta Zumarragako gaztetxoak ez ezik, legazpiarrak ere baziren tartean. Senide eta lagunen artean, plaza bete egin da ikuskizunak iraun duen bitartean.
Bihar bukatuko dira Geltokietako jaiak, baina ekitaldi sorta antolatu dute azken txanparako. 11:00etan Zumarragako atleten arteko herri lasterketa egingo dute. Segidan, Apain tabernak eskainitako hamaiketakoa izango da, eta eguerdian, auzokoen aldeko meza; auzotar zaharrenei omenaldia ere egingo diete.
Arratsaldean berriz, Geltokietako jaietan tradizio handia duen ekitaldi bat egingo dute; 17:30ean hasita, asto karrera izango da. Ondoren, idi probak ere egingo dituzte. Eguna eta festak agurtzeko, 19:30ean dantzaldia izango da JaviSound-ekin, Txindokiko plazan. Bitartean, Alaitasuna errondaila ibiliko da, kalez kale.









