Asteazkena, 2014-10-01

Zalduak galdu egin du apustua

Xabier Zaldua artxiboko argazkian.

Tolosako zezen-plazan laugarren apustua jokatu du asteburuan Xabier Zaldua Gurrutxazpi aizkolari zumarragarrak. Galdu duen lehenengoa izan da. Joxe Mari Olasagasti aizkolari beteranoaren kontra aritu zen herenegun, Tolosako zezen-plazan. Zalduak ezin izan zuen Igeldoko (Donostia) aizkolariaren lana gainditu. «Beti ezin da irabazi», esan du Xabier Zalduak.

Olasagastik 53 minutu eta 2 segundo behar izan zituen 22 kanaerdiko erdibitzeko. Zalduak bi kanaerdiko gutxiago moztu behar zituen; hori izan zen, hain justu, aizkolari beteranoak gazteari emandako abantaila. Zumarragarrak Olasagastik baino minutu bat gehiago behar izan zuen lana amaitzeko.

Xabier Zalduak galtzen jakin behar dela esan du, «azkenera arte eutsi nion, baina indarrak ahitu zitzaizkidan». Azkeneko bi asteetan gorputzaldi txarra izan duela gehitu du, «agian horregatik ez ditut indarrak ehuneko ehunean izan. Giharrek ez didate ahal beste eman».
Nolanahi ere, Olasagastirekin aritzea ohorea izan dela, eta «haren kontra galtzea ere edozeinen kontra galtzea ez» dela gehitu du aizkolari zumarragarrak. Galdu izanaren beste arrazoietako bat enborretan egon liteke, enbor zailak atera zirelako.

Zalduak plazaratu zituen enborrak, baina ez ziren pentsatu bezain garbiak atera, «etxean probatu genituen arren, enbor guztiak ezberdinak dira», azaldu du Gurrutxazpik. Olasagasti hobeto aritu zen zailtasunen aurrean, eta urteetako eskarmentua agerian utzi zuen. Enborrei buruz, Zalduak aurretik ezin zaiela erradiografiarik egin dio. Barrutik korapiloak eta adarrak zituzten enborrek.

Giro ona plazan
Aizkora apustuan, aizkolari bakoitzak 6.000 euro jarri zituen jokoan. Olasagastik Joseba Etxebeste eta Lazaro Erregerena izan zituen ondoan. Zalduak, bestalde, Iruntxiberri eta Donato Larretxea. Olasagastik, apustuaren irabazi izanagatik 6.000 euro jaso zituen, eta ezer ez zuen galdu Tolosan.

700 ikusle inguru elkartu ziren Tolosako zezen-plazako harmailetan. «Giro ona egon zen plazan. Proba oso parekatua izan zen, biok parean ibili ginen, eta horrek ikusgarritasuna eman zion. Jendea gustura egon zen», adierazi du Xabier Zalduak.

Datorren asteburuan Urrezko Aizkorako kanporaketa bat izango du zumarragarrak Gasteizen. Zalduaren hitzetan, «bosgarren apusturik ez daukat buruan. Orain, txapelketan arituko naiz». Bigarren mailan lehiatzen da Zumarragako aizkolaria.