Larunbata, 2014-07-26

Goi tentsioko linea eteteko tramitazioa hasi du Espainiako Gobernuak

Gueñesetik Ezkio-Itsasora eta Deikaztelutik Ezkio-Itsasora egitekoak ziren goi tentsioko lineak egiteko proiektuak bertan behera utzi zitu Espainiako Gobernuak. Madrilgo gobernuak ez du baimenik emango Goierriko hainbat herri zeharkatuz eraiki nahi zituzten bi lineak egiteko, harik eta planifikazio berria egin eta beharrezko direla baieztatu arte. REE Red Electrica de España enpresak egingo ditu lineak beharrezkoak diren edo ez zehazteko txostenak, eta ekainaren 30erako aurkeztu beharko ditu ondorioak. Horiek aztertuta erabakiko du Industria Ministerioak bi proiektuekin aurrera jarraitu edo ez.

Argindar kontsumoaren inguruan egindako aurreikuspenak ez dira bete, eta horregatik erabaki dute goi tentsioko linea gehiago eraiki behar diren edo ez aztertzeko gogoeta egitea. 2008-2010era kontsumo elektrikoa %3,2 igotzea zen aurreikuspena; 2008tik 2011ra, ordea, %3,8 txikitu da, eta aurreikuspenen arabera bide beretik jarraituko du argindar kontsumoak. Hala, energia planak eta azpiegiturak egoera horretara “egokitzea” da orain Madrilgo gobernuaren helburua. Bitartean, beharrezko diren lanek bakarrik izango dute jarraipena.

Biak Goierritik

Deikaztelutik Ezkio-Itsasora eta Gueñesetik Ezkio-Itsasora eraikitzea aurreikusitako bi lineak Goierriko hainbat herritatik igarotzea dago aurreikusita, lanek aurrera jarraitzen badute behintzat. Deikaztelutik Ezkio-Itsasorakoak Nafarroa eta Gipuzkoa lotuko lituzke, eta proiektuaren arabera 120 kilometroan pasatuko dituzte kableak, guztira, 148 herritan barrena.

Gueñes eta Ezkio-Itsaso arteko linea, berriz, AHT abiadura handiko trenarekin lotu dute, trenak energiaz asetzeko eraikiko dute linea antza, 24 herritatik igaroz eta 72 kilometroko sarea eraikiz.

Martxoaren 28an Goierriko eta Tolosaldeko hainbat zinegotzi eta udal hautetsi proiektuaren aurka agertu ziren Ordizian egindako prentsaurrekoan. Etzi, osteguna, berriz, Goierriko udalek antolatuta, hitzaldia egingo du Alberto Friasek, autopista elektrikoaren aurkako plataformaren bozeramaleak. Eskualde mailako hitzaldia izango dela adierazi dute, Mutiloako udaletxeko ganbaran, 19:00etan. Deikaztelutik Ezkio-Itsasora arteko zatiaz hitz egingo du etzi Friasek Mutiloan.

, , , ,