Osteguna, 2014-04-24

Goierriko eta Tolosaldeko hautetsiak, goi tentsioko linearen aurka

Goierriko eta Tolosaldeko hautetsiak, atzo, Ordiziako udaletxean.

Goierriko eta Tolosaldeko hainbat udal hautetsik Red Electrica Españolak Deikaztelutik (Nafarroa) Ezkio-Itsasora egin asmo duen goi tentsioko linearen aurkako desadostasuna azaldu dute. 400kv-eko linea berri bat egin nahi du enpresak, 120 kilometroko luzera duena, eta sei hektarea hartzen duen azpiestazio bat. Udal hautetsiek nabarmendu dutenez, paisaian eta ingurumenean “sekulako kalteak” sortuko ditu linea horrek, eta osasunerako ere kaltegarria izango da, eremu elektromagnetikoaren eraginez. Ordiziako udal batzar aretoan azaldu zuten desadostasun hori atzo Goierriko eta Tolosaldeko 30 bat hautetsik. Mutiloako alkatea Iñaki Ugaldek hitz egin zen denen izenean.

Linea hori egiteko 42 eta 46 metro inguruko dorreak egin beharko dituzte, eta dorreen arteko distantzia 400-500 metro ingurukoa izango da. Lau oineko hormigoizko oinarriak ere izango ditu, eta pistak zabalduko beharko dituzte, “landaredian eragin nabarmena izanez”. Horrez gain, gune horietan zuhaitzak landatzea debekatuko dutela jakinarazi dute hautetsiek. “Informazio falta izugarria dago arlo sozioekonomikoan izango dituen eraginen inguruan, turismoan izango duen inpaktoa izugarria litzateke, eta beste horrenbeste ondarean”.

Alegazioak eta sinadurak

Proiektua 2011ko abuztuan jaso zuten Goierri eta Tolosaldeko udaletan, eta baita Nafarroako udal eta zenbait kontzejutan ere. “Proiektua jaso bezain laster alegazioak martxan jartzeko prozesua hasi zen, eta alegazioak jarri ziren”. Udaletan eta hainbat elkartetan goi tentsioko linearen aurkako mozioak eta manifestuak onartu dira, eta Ugaldek adierazi duenez, plataforma bat osatu da Nafarroako eta Gipuzkoako herrien artean.

Horrez gain, 2011ko abenduaren 17an proiektuaren aurkako sinadura ekitaldi bat egon zen Berriozarren (Nafarroa), eta hara joaterik izan ez zuten hautetsiek, beste epe baten barruan eman dute sinadura. “Datorren larunbatean, martxoaren 31n, beste ekimen bat izango da Espainiako Gobernuak Donostian duen delegazioan, han aurkeztuko baitira proiektuari desadostasuna azaltzen dioten hautetsi guztien sinadurak”.

Nafarroan, esaterako, Aste Santuan eta maiatzeko zubian mendi martxa bana egingo dituzte proiektuaren aurka, eta Goierri eta Tolosaldearen arteko mendi martxa aurrerago egin dutela iragarri zuten. Herrietako etxe eta balkoietan goi tentsioko linearen aurkako banderolak jartzeko deia ere egin zuten, proiektua salatzeaz gain, herrietan gaia sozializatzeko helburua ere bai baitago.

, , , , , ,