Asteartea, 2014-09-02

Eneritz Artetxe azkoitiarra nagusitu da Aizpurutxoko Bertso Sariketan

Martxan da dagoeneko Martxoan Bertsoa zikloaren hamargarren edizioa. Aurreko asteburuan, Urolaldeko bertsolari gazteen 2. Aizpurutxo saria jokatu da. Bestetik, Martxoan Bertsoari ospea eta sona eman dion taldekako txapelketa umoretsuaren hamargarren edizioa ere abian jarri da. Legazpin larunbatean jokatutako kanporaketan Beteranoak taldea nagusitu zen, Zumarragakoak eta Urretxukoak.

Jokin Sudupe, Eneritz Artetxe, Amaia Iturriotz, Mikel Iturriotz, Manex Mantxola eta Beñat Torres aritu ziren kantuan Aizpurutxoko Itziar jatetxean ostiralean. Maialen Akizu, Aizpurutxo saria iaz irabazi zuen bertsolari gaztea, aritu zen gai-jartzaile lanetan. Hogeita hamar lagun inguru bildu ziren maila handiko sariketa bizi hau bertatik-bertara jarraitzeko.

Saioaren joanean, bertso on asko entzuteko aukera izan zuten bertaratutako guztiek. Azkenean, Eneritz Artetxe izan zen nagusi. Berak josi zuen saio erregularrena. Beste bost bertsolariek, tarteka bertso onak bai, baina irristadatxoak ere izan zituzten, eta Artetxek eraman zuen sari nagusia. Publikoaren saria ere berak eraman zuen. Amaia Iturriotz izan zen bigarren.

Larunbatean, bestetik, Martxoan Bertsoako taldekako txapelketa abian jarri zen. Kanporaketa Legazpiko Arrano tabernan jokatu zuten. Hiru talde aritu ziren kantuan oholtzan, nor baino nor: Legazpiko Hegialde taldea (Joseba Barandiaran, Andoni Aizpeolea, Iñaki Gurrutxaga), Gasteizko Potato taldea (Felipe Zelaieta, Rikardo Gonzalez Durana, Juan Mari Juaristi) eta Zumarraga-Urretxuko Beteranoak taldea (Juanjo Aranburu, Joseba Segurola, Gorka Azkarate). Nekane Gonzalez aritu zen gai-jartzaile lanetan.

Ikusle mordoxka bildu zen Arranon. Saioa xelebre samarra izan zen arren, gauza politak ikusi ziren. Beteranoen taldeak jaso zuen punturik gehien, eta eurak izan ziren gainera publikoaren ustez talderik onena. Bertsolaririk gustukoena, Iñaki Lizarralde izan zen, oholtzara igotzen zen lehenengo aldian.

Datorren asteburuan, beste bi kanporaketa jokatuko dituzte: ostiralean, Urretxun, Gu ta Gutarrak, Iturrioztarrak eta Trikitilariak taldeak izango dira kantuan. Larunbatean, Ezkio-Itsason, Gabiri1, Ezkio-Itsaso eta Lasatarrak taldeak izango dira kantuan. Kanporaketa hau Igartubeiti baserrian egingo dute, hain zuzen. Amaieran, barrikotea izango da, mokadutxo bat jan eta Igartubeitiko sagardoa dastatzeko aukera.

Martxoan, bertsoa!

Kanporaketak
• Martxoak 9, ostirala. Aldiri taberna, Urretxu, 23:00etan.
• Martxoak 10, larunbata. Igartubeiti baserria, Ezkio-Itsaso, 19:00etan. Doako autobus zerbitzua izango da, 18:30ean Zumarragako parrokiatik abiatuko da.
• Martxoak 16, ostirala. Intrepid Fox taberna, Urretxu, 23:00etan.
• Martxoak 17, larunbata. Motz taberna, Urretxu, 23:00etan.
• Martxoak 23, ostirala. Txapelketako finala. Gaztetxea, Urretxu, 23:00etan.

Bestelako hitzorduak
• Martxoak 17, larunbata. Bertsolaritza lantegian, bertsoak industrian, bertsoak katean hitzaldi tailerra. Hizlaria: Asier Iriondo. Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean, 11:30ean.
• Martxoak 18, igandea. Haurrentzako trebezia lehiaketa: Ezetz lortu! Urretxuko Labeaga aretoan, 17:00etan.
• Martxoak 23, igandea. Eskolarteko XXV. Bertsopaper lehiaketako sari banaketa. Zumarragako Zelai Arizti aretoan, 15:00etan.
• Martxoak 31, larunbata. Musikala. Urretxuko Labeaga aretoan, 22:30.