Jaten duguna baserritik datorrenean

2012/02/22
Nork

Kontsumo taldeak Areizaga-Kalebarren plazan biltzen dira astelehenero

Jaten duguna garela esan ohi da. Gure gorputzari ematen diogunak egiten gaituela indartsuago edo ahulago, osasuntsuago edo gaixoago. Baina, benetan egiten al diogu kasu jaten dugun horri? Ba al dakigu jaten duguna nola ekoiztu den eta nondik datorren?

Elikadura osasuntsuak duen garrantziaz ohartuta batetik, eta baserritarrek gero eta produktu gutxiago saltzen dutela konturatuta bestetik, kontsumo-taldeak sortzen hasi dira Euskal Herrian.

EHNE baserritarren sindikatuak eta Biolur elkarteak bultzatutako ekimena da, zenbait hilabeteetatik hona errealitate ere badirenak Goierrin. Baserritarren eta kontsumitzaileen arteko taldeak dira funtsean, Gipuzkoan Basherri izena hartu dutenak. Baina hori baino zerbait gehiago ere badira.

Bi aldeen arteko «harreman zuzena eta konpromisoa» dira kontsumo taldeen muina, Gorka Sasieta, Ezkio-Itsasoko baserritarrak esan duenez. Baserritarrak, hau da ekoizleak, astero baserriko produktuez osatutako otar bat osatzeko konpromisoa hartuko du. Kontsumitzaileek aldiz, aurrez adostutako denbora tartean, baserritarrari astero produktuak erosteko hitza eman beharko dio. Gainera, salduko diren produktu guztiak modu ekologikoan ekoiztutakoak izango dira, sasoian sasoikoak eta inguruko baserri bateko baratzean erein eta hazitakoak.

Otarra osatzen duten produktuen kantitatea ordaintzen den kuotaren araberakoa izan ohi da, eta taldeko kontsumitzaile guztientzat hilero berdina izango da.

Sasoikoa eta bertakoa
Goierrin hiru kontsumo talde daude martxan, edo martxan jartzekotan. Beasainean, iazko maiatzean hasi ziren, Urretxun eta Zumarragan azaroan, eta Ataunen datorren maiatzean hasiko dira lanean. «Legazpin ere martxan jarri nahi da horrelako talde bat», dio Sasietak «baina kontsumitzaileak egon badauden arren, ekoizleak falta zaizkigu». Baserritarrak gustura daude ekimenarekin, baserrian eguneroko lanari heltzeko «pizgarri bat» dela diote.

Jexux Leunda baserritarra arduratzen da besteak beste, astero otarrak Beasaingo kontsumo taldeei eramateaz. Balorazioak egiteko oraindik goizegi dela dio, baina «ekimenarekin oso pozik gaude. Jendea ez da gehiegi animatu momentuz, baina oraindik ez da urtebete ere igaro eta, egia esan, jasotako erantzunarekin oso gustura gaude», gaineratu du.

Salerosketa harreman bat dago kontsumo taldeen oinarrian, baina asko dira, bertako kideek baieztatzen dutenez, gizarteari berari eskaintzen dizkion onurak. Esate baterako, tokian tokiko garapen ekonomikoa sustatzen du, euskal kultura babesten du, garraioaren erabilera murrizten du, landa eremuak bizirik mantentzen laguntzen du eta herritarren eta landa eremuaren arteko harremana berreskuratzea ahalbideratzen du.

Pili Eskisabel ataundarrak, berari ekimen honi esker, baserriko lana «esker onekoagoa» egiten zaiola aitortzen du. «Badakizu ez duzula ia galerarik izango, konpromisoa hartu duzun kontsumitzaile horientzako egiten duzulako baratza». Baina ez hori bakarrik, «egindako lanagatik jasotzen dugun etekina ere duinagoa da, hau da, gure produktuengatik jasotako diru-ordaina justuagoa da, bitartekaririk ez dagoelako», zehaztu du.

Kontsumitzaileentzat ere onurak nabarmenak direlako dio Eskisabelek. «Azken batean produktu freskoak, garaikoak eta bertakoak jaten dituzte. Eta ezin da ahaztu, horrek kalitateari eransten dion balioa».

Horretaz gainera, baserritarren eta kontsumo taldeen arteko harremana haratago doa. Internet bitartez komunikatzeko aukera dute, «blog komunitateak ditugu horretarako», aipatu du Leundak, «gomendioak emateko edo errezetak elkartrukatzeko erabiltzen dira», adibidez. Baina gainera, auzolana ere egiten da. Gorka Sasietak azaldu duenez, «kontsumitzaileak baserrira gonbidatzen ditugu, baserria ezagutzeko. Baita, behar denean ere, baserritarrari baratzean esku bat botatzeko ere».

Bilerak astero
Bi talde daude martxan Goierrin, momentuz. Beasainen 24 kontsumo talde daude eta asteartero biltzen dira, 19:00etan Gernika pasealekuan, pilotalekuaren alboan. Urretxun eta Zumarragan 20 bat ari dira parte hartzen eta beste zazpi itxaron zerrendan daude. Astelehenero biltzen dira 19:00etan Areizaga-Kalebarren plazan. Beraiekin harremanetan jartzeko azapekobareak@blogspot.com eta altxaporrutaldea@blogspot.com helbideetara jo dezake interesa duenak.

Kontsumo taldeak poliki-poliki hasi dira pausoak ematen Goierrin, baina denborarekin gorputza hartzen doan ekimena da. Garai bateko kontsumitzaileen eta saltzailearen arteko harremanak gaurko egunera ekartzeko, gure inguruneari errespetu gehiago zor diogula gogorazteko eta gure kulturaren oinarria diren baserriak bere horretan mantetzea, guztion ardura dela ez ahazteko helburuarekin dator, gainera.

Gipuzkoako Ostalaritza Gida

Bilatu zure inguruko sagardotegia

Goierriko Blogariak



Berriketan.info [RSS]

  • Irungo Hitza-(e)k beste sarrera bat idatzi du Bertsolari gazteen saioa, hilaren 22an Amaian gunean   duela 29 segundo · Ikusi

    Datorren asteko asteartean, hilak 22, 18:00etan, 2011-2012 ikasturteko Bertso Jaialdien lehenengo saioa egingo dute Amaia Kultur Zentroan. Dunboa, Elatzeta, El Pilar eta Belaskoenea ikastetxeko LHko 4., 5. eta 6. maila bitarteko ikasleak arituko dira bertsotan eta ikasturte osoan Gu Ere Bertsolari egitasmoaren barruan egindako lana jendaurrean aurkeztuko dute.


  • Irungo Hitza-(e)k beste sarrera bat idatzi du Alarde Parekideak bi kantinera gehiago aukeratu ditu gunean   duela 2 minutu · Ikusi

    Irungo Alarde Parekideak bi kantinera gehiago aukeratu ditu. Hain zuzen ere, Anaka eta Lapitze auzoetako konpainiek hautatu dituzte. Noemi Gomezek ordezkatuko du Anaka, eta Erika Moraledak Lapitze.


  • boga-(e)k beste sarrera bat idatzi du Erotuta daude bidasoar hauek! gunean   duela 4 minutu · Ikusi

    Koadro txikia Finaleko joaneko partidan irabazita, Espainiako Lehen Mailara igotzeko urrats bakarra falta zaio Irun Rugby Taldeari. Bihar arratsaldean lor dezakete azken urteetako helburua. Bidasoaren bi aldeetako jokalari zein zaleak prest dira pozez zoratzeko. Asier Perez-Karkamo / Irun Locosdelrugby.com da haien webgunea. Erotuta daude Irun Rugby Taldeko jokalariak, errugbian aritzeagatik ero. Haien zaleak ere zoro daude, bi astean behin [...]


  • Nerea Lizarralde-(e)k beste sarrera bat idatzi du Museoez gozatzeko eguna gunean   duela 7 minutu · Ikusi

    Koadro txikia Museoen Nazioarteko egunean doako bisitak eta jarduera bereziak egiten ari dira Turistek eta donostiarrek museoez gozatzeko egun polita dute gaur. San Telmo Museoan doako bisita gidatuak egiten ari dira, eta sarrera ere doan da. Berritze lanen azalpenak, eta eraikinaren sekretuak ezagutzeko aukera eman diete bisitariei. Arratsaldean, 17:00etan euskarazko bisita gidatua egingo dute eraikinaren arkitekturaren inguruan. Ordu [...]



lasterketak

Gaiak

36ko gerra

etxebizitza

Bereziak

gazta

literatura

etxebizitza

etxebizitza