Oihane Zabaletak, Urretxuko alkateak hartu zuen hitza lehenengo, udalaren egungo argazki orokorra egiteko. Esan zuenez, «gerrikoa estutu beharko dugu aurten, eta asko. Ikasturte honetarako 7,5 milioi bat euroko aurrekontua aurreikusten dugu. Aurreko urteekin alderatuta milioi bat euro gutxiago, gutxi gorabehera».
Aurtengo aurrekontuan murrizketa aurreikusteaz gainera, aurreko legegintzaldietatik pilatu den zorra ordaintzeko dauka udalak, «hau udaletxe guztietan gertatzen da. Aurreko urteetan indarrean egon den mailegu-sistemaren ondorioa da, porrot egin duen sistemarena, alegia». Urretxuko udalak 2009 eta 2011 legegintzaldietako zorra bueltatu behar dio aurten Gipuzkoako Foru Aldundiari. «Hiru bide ditugu zor honi aurre egiteko», argitu zuen alkateak: «bat, aurrekontuak puztea. Bi, ahal dugun moduan zorra kitatzea eta 2013 urtea zerotik hastea. Eta hiru, dugun zorrari aurre egiteko mailegu bat eskatzea».
Oraindik ez dute bide baten edo beste baten aldeko hautua egin, baina «guk bigarren aukera hobesten dugu», azaldu zuen Zabaletak, nahiz eta badakiten horrek «gerrikoa gehiago estutzera behartuko gaituela».
Inbertsio gutxi 2012an
Gauzak horrela, 2012an inbertsio gutxi egitea aurreikusten da. Unai Badiola zinegotziak adierazi zuenez, «beharrezkoak diren obrak bakarrik egingo dira. Gainontzean, herria bere horretan mantentzera bideratuko dugu dirua». Horretaz gainera, 2015era bitarteko ildo-politikoak ere zehaztu dituzte. Hala, sei estrategia nagusi izango ditu ardatz etorkizuneko Urretxuk. «Bizitzeko atsegina, euskalduna, integratzailea, ingurumenari errespetua diona eta berezko nortasuna duen herria izango da», argitu zuen alkateak. Estrategia hauek aurrera eramateko lau ardatz nagusik «berebiziko garrantzia» izango dute legegintzaldi honetan Bilduren proposamenaren arabera: euskarak, parekidetasunak, ingurumenak eta parte hartzeak, hain zuzen.
Ildo nagusi hauek kontutan hartuta antolatu dituzte urte honetan aurrera eraman beharreko ekintzak. Hala, hasita zeuden obrak amaitu dituzte, Gernikako Arbola plazakoa eta udaletxea berritzekoa. Baina aurreikusita zeuden batzuk bertan behera geldituko dira «Santa Barbaran, Agerre bidea hobetzeko lanak eta Isabeleko peatonalizazioa, momentuz ez dira aurrera eramango», azaldu zuen Badiolak. Gainerakoan, zebrabide gehiago altxatuko dituzte, «Kalerrotakoak igotzea aurreikusten da». Gainera, argiteria ekoefizientearen aldeko apustua egingo da eta udaleko baliabide propioak amortizatzeko ahalegin berezia egingo da.
Arlo soziokulturalean aurrekontuak %15eko jaitsiera izango du. Kirol eta kultura taldeetan ez ezik, gainontzeko atal guztietan egingo dira murrizketak. Festetan %10 jaitsiko da diru partida, euskarazko komunikabideen diru laguntzak %25 egingo du behera eta udalak antolatutako kultur ekitaldietan %10 gutxiago gastatuko da.
Landa garapena eta ingurumen sailetarako aurrekontua bereizi egingo da, bakoitzak bere partida izango du. Mugen digitalizazioa egingo da. Gainontzean ferietarako eta zaintza berezietarako%15eko jaitsiera aurreikusten da bi kasuetan. Herri bide eta baserri bideen mantenurako 6.000 euroko partida bideratuko da. Ingurumenari dagokionean, kutsadura maila aztertzeko hainbat lan egin dira. Aurten ere, Arcelor Mittali eta gainontzeko enpresei kutsaduraren jarraipena egin nahi zaie, Zumarragako udalarekin elkarlanean.
Sustapen sozialari dagokionez, iazko aurrekontua mantenduko da. Larrialdi egoeran daudenentzako diru laguntzak %75,16 igoko ditu udalak eta garapen bidean daudenentzako laguntza %0,7ra jaitsiko da. Aisialdirako eskaintzan %36ko beherakada egongo da. Gainontzean, immigrazioari balore positiboa eman eta krisiak eragindako egoerei aurre egiteko ekintzak bultzatuko dira.














Museoen Nazioarteko egunean doako bisitak eta jarduera bereziak egiten ari dira Turistek eta donostiarrek museoez gozatzeko egun polita dute gaur. San Telmo Museoan doako bisita gidatuak egiten ari dira, eta sarrera ere doan da. Berritze lanen azalpenak, eta eraikinaren sekretuak ezagutzeko aukera eman diete bisitariei. Arratsaldean, 17:00etan euskarazko bisita gidatua egingo dute eraikinaren arkitekturaren inguruan. Ordu [...]
Hogeitahirugarren urtez jarraian Kultura Sailaren eskutik Herri Kanta Jaialdia egingo dute etzi, goizeko hamaiketatik aurrera, Gipuzkoa plazan. Bederatzi abesbatzak parte hartuko dute, guztira: Kasino Zaharra, Amuitz, Kardiñeruak, Surbesta, Zumardi, Klink, Xarmanta, Olagarro eta Goxoki. Horiek ordena horretan ariko dira zuzenean abesten, eta talde bakoitzak bi kanta abestuko ditu. Emanaldia bukatzeko, denek, bai abesbatzetako kideek, eta [...]






