«Musikari izatearen muinean jendaurrean jo ahal izatea dago»

2011/12/15
Nork

Josu Maroto marrazkilari zumarragarrak egindako Ruper Ordorikaren marrazkia

Badira doinu batzuk, kantu eran askotan, entzulearen barruraino iristen direnak, geratzeko datozenak. Nonbaitetik atera behar dira, baina. Ruper Ordorikak (Oñati, 1956) Hautsi da Anphora atera zuenetik, 1980an, oihartzun bat baino gehiago utziko zuen bere entzuleen barruetan. Hodeien azpian diskoa atera berri du. Koloreak, irudiak, diztirak, umorea eta emozioak gordetzen dituen kantu bilduma, gozatu nahi duenarentzat.

Elgetan, aurreko asteburuan, harrera beroa izan eta gero, Ruper Ordorikak Urretxun joko du bihar. Mugalariekin batera igoko da Labeaga aretoko oholtzara, gaueko hamaiketan. Urretxuko tabernariek antolatu dute, egitarau zabalago baten barruan.

Lan berri honetan zer kontatu nahi izan duzu?
Badago behar bat disko guztien atzetik. Baina ez dator gai jakin batetik, aldarte batetik baizik; edota musikaren bidean haruntzago joateko nahi batetik. Niretzat oso lagungarria da barruko gauzak antolatzeko. Hori da nire esanahia, horren baitan mila atal daude: intuizioa, ofizioa… Horrela ontzen ditut kantuak. Kontzientea ez den eremuak ere badu bere tokia.

New Yorken grabatu duzu diskoa. Sverrison baxuan, Ulrich gitarra elektrikoan, Wollesen baterian, Gerry Z. teklatuetan eta zu gitarra eta ahotsean. Gonbidatu bereziak Monder gitarra-jolea eta Arkaitz Miner mugalari, bibolin-jole eta mandolina-jole izan zenituzten. Kontatuko zenizkiguke grabazioaren nondik norakoak?

Musikari horietako batzuekin lan eginda nengoen aurretik. Grabatzeak, gordetzeak, zorabiotik badu zerbait. Ezezagunaren bila zoaz, elkarrekin grabatzen hasi, eta leku ezjakinetara iritsi zaitezke. Musikari horiekin abiatu nintzen entzun nahi nuenaren bila. Ohiko lagunekin grabatuko banu, aldez aurretik jakingo genuke, gutxigora behera, noraino iritsi gaitezkeen. Horrela grabatzea nire beharra da.

Musikari horiek ez dute elkarrekin jotzen, ordea.
Ez. New Yorken bizi dira baxu-jolea eta bateria, baina aurreko diskoa (Haizea garizumakoa) grabatu genuenetik elkar ikusi gabe zeuden. Azkenean, adiskidetza kontuak ere badaude, artisautza lana da gurea.

Eta, Mugalariekin (Hasier Oleaga baterian, Arkaitz Miner gitarran eta biolinean eta Lutxo Neira baxuan), Urretxun joko duzue bihar, hasi berri duzuen biraren barruan.
Biraren laugarren kontzertua izango da. Hasiberriak gara gure bidean, Hodeien azpian diskoarekin. Grabatutakoaren aldaerari atxikituta, poliki, musikarien gaitasuna gailentzen doa. Mugalariak talde malgua da, grabatuta daukagunetik abiatuta, esploratu egiten dugu. Horretarako entsegua oso gune ona da. Dena bateratzen dugu bertan.

Dagoeneko hogei disko inguru argitaratu dituzun honetan, ohitu al zara? Beldurrak aldatzen al dira denborarekin?
Beldurrak berdin-berdinak dira. Estudioan lehen baino hobeto pasatzen dut. Beti urrutirago joateko xedearekin, ikasteko beharrak eta nahiak bultzatuta, gehiago gozatzen dut estudio-lana.

Oholtza ere hor dago.
Zuzenekoak aurrekoa osatzen du. Gero eta hobeto nabil. Finean, ofizio bezala ere, ikasten da taulatura igotzen. Pentsa zenbat gustatuko zaidan musika, oholtza gainera igotzera eraman nauela.

Euskal Herriko geografian ibiliko zarete jiran, orain artean egindako lana osatzen arituko zarete, orduan?
Musikari izatearen muinean dago jendaurrean jo ahal izatea. Grabatu egiten duzu lana eta gero, oholtzara daramazu, horrek dakarren guztiarekin. Hala ere, ohitu ez, inoiz ez zara ohitzen.

Sormenaren lehen urratsetan, zer dator lehenengo, musika ala letra?
Orain musikatik abiatzen naiz, baina ez da beti horrela izan. Iparraldean egon berri naiz, gustatzen zait hangoa zaintzea, eta norbaiti erantzun diot barrutik egiten dudala lan, ez burutik. Gero eta barrurago joatea, horrek daukan ikasbidearekin. Pilotan zabalera jo dezakezu edo txokora, antzekoa da, nik azkenaldian barrura jotzen dut. Esaten didate, adibidez, gehiago erabiltzen ditudala naturarekin lotutako irudiak.

Hodeien azpian diskoan iturri bat baino gehiago dago.
Bai. Benekotasunaren atzetik joateko gogoagatik izan daiteke. Aitzitik, gurean gezur apur bat ere egon behar da, simulakro bat. Ofizioak laguntzen du horretan, ikasi egiten da, entzulearekin zubia egiteko lan batek behar du horretatik ere.

Orduan, barruak kantatzen dizun musikari jartzen diozu letra?
Testu bat irakurri eta musikatzeko eragozpenik ez daukat, badaude testu batzuk, poesia itzelak ez direnak baina kantu onak izan daitezkeenak. Testuak eskatzen du doinu bat, dentsitate bat. Azkenaldian alderantziz egiten dudan arren, musika eta letra batera datoz nonbait.

Eta oihartzuna?
Hitzek eta doinuek batzuetan hirugarren urrats bat ematen dute, oihartzuna da, hori da kantua. Hainbeste musika entzungai egonda, mirari bat da entzulea zure kantuekin identifikatzea, abesten duzun hori sentitzea. Horregatik, abestia genero bat da bere horretan. Poesia on batek ez du kantu on bat nahita ez gordetzen. Doinu on batek ez du derrigor letra bat ontzen. Kantua paperean egon nahi ez duen poema bat izan daiteke.

Abestiek beren bidea al dute?
Entzuleak osatzen ditu kantuak. Abestiek beren bidea hartzen dute. Badira diskora itsatsita geratzen direnak, aldatu nahi ez dutenak. Badira bere bidea egiten dutenak, beren kasa. Badira berriz jotzen hasi eta bide berria egiten dutenak. Badira sorpresak.

Disko honetan, ‘Nora zoaz bakarrik’ kantuak tradizioari begiratzen dio.
‘Maritxu nora zoaz’ kantuaren itxura naïf horren azpian, esanahi garbia hartzen diot nik. Horren haritik nire asmakizuna egin dut.

Ez al da hori transmisioa?
Izan daiteke. Kantu tradizionalekiko afizio handia izan dut betidanik. Esamoldeak ere erabili ditut, kontua da nondik abiatzen zaren.

Eta nondik abiatzen zara?
Atal handi bat lana da, entrega, barrutik ateratzeko behar hori. Luzaro aritzeko, gainera, beterano izaki, pasio berezi bat ere behar dela esan dezaket. Horrela, halako batez, kantu bat ontzeko unea iristen da.

Eguneroko lana aipatu duzula, eta zurean, musika entzutea izango da lan horietako bat. Zer da entzuten duzuna?
Oso musikazalea naiz. Zaila da dagoen guztira iristea. Zaletasun anitzak ditut. Hemengo musikaren nondik norakoak ahal bezain fidel jarraitzen saiatzen naiz…

Zer entzuten duzu egunotan gidatzen duzunean?
Cuarteto Cedron taldearen tangoak, gogoaren arabera entzun ditzakedanak, edo ez. Kantari frantsez baten diskoa badaukat, amerikar baten beste bat… Sarritan aldatzen ditut. Anglofiloa naiz, ondo ezagutzen dut mundu hori, letrak ulertzeko ikasi nuen ingelesa. Baina, Violeta Parra agertu daiteke. Hainbeste on dago hizkuntza guztietan. Boladak izaten ditut. Kantu zaharrak oso gogoko ditut, irratiaren aurreko musika guztia, mundu osokoa.

Eta irakurri, zer irakurtzen duzu?
Eleberriak baino gehiago poesia eta pentsamendua irakurtzen ditut. Lan prozesuan irakurtzea ezinbestekoa da niretzat, frekuentzia topatzeko. Egunerokoak gatazkara eramaten zaitu askotan. Niretzat beharrezkoa da nire esparrua gordetzea. Poesiak laguntzen dit, landu beharreko iturri bat dela uste dut, on dela lantzea. Batzuetan poesiak zamatu dezake abestia. Beste batzuetan, zerbait irakurri eta zuk barruan zeneukan hori, zure buruari esateko aukerarik eman ez diozun hori, beste bati irakurtzen diozu.

Adibiderik?
Wislawa Szymborska poetisa poloniarraren lana irakurtzen nengoela, galdutakoei buruzko poema batean aurkitu nuen barruan neraman zerbait. Hor neukan, bularraren albo batean, esan gabe, aitaitaren istorio hura. ‘Eliasen etxea’ kantua atera zen.

Gipuzkoako Ostalaritza Gida

Bilatu zure inguruko sagardotegia

Goierriko Blogariak



Berriketan.info [RSS]

  • Hondarribiko Hitza-(e)k beste sarrera bat idatzi du Bederatzi abesbatza izango dira kantuan etziko Herri Kanta Jaialdian gunean   duela 57 segundo · Ikusi

    Koadro txikiaHogeitahirugarren urtez jarraian Kultura Sailaren eskutik Herri Kanta Jaialdia egingo dute etzi, goizeko hamaiketatik aurrera, Gipuzkoa plazan. Bederatzi abesbatzak parte hartuko dute, guztira: Kasino Zaharra, Amuitz, Kardiñeruak, Surbesta, Zumardi, Klink, Xarmanta, Olagarro eta Goxoki. Horiek ordena horretan ariko dira zuzenean abesten, eta talde bakoitzak bi kanta abestuko ditu. Emanaldia bukatzeko, denek, bai abesbatzetako kideek, eta [...]


  • Naiara Manterola-(e)k beste sarrera bat idatzi du Bederatzi abesbatza izango dira kantuan etziko Herri Kanta Jaialdian gunean   duela 57 segundo · Ikusi

    Koadro txikiaHogeitahirugarren urtez jarraian Kultura Sailaren eskutik Herri Kanta Jaialdia egingo dute etzi, goizeko hamaiketatik aurrera, Gipuzkoa plazan. Bederatzi abesbatzak parte hartuko dute, guztira: Kasino Zaharra, Amuitz, Kardiñeruak, Surbesta, Zumardi, Klink, Xarmanta, Olagarro eta Goxoki. Horiek ordena horretan ariko dira zuzenean abesten, eta talde bakoitzak bi kanta abestuko ditu. Emanaldia bukatzeko, denek, bai abesbatzetako kideek, eta [...]


  • Hondarribiko Hitza-(e)k beste sarrera bat idatzi du Informazio batzarra, Sainzigarrenearen harira, Soroetan gunean   duela 5 minutu · Ikusi

    Sainzigarrenea Bizirik plataformak herritar guztiei dei egin die gaur arratsaldeko zortzietan Soroetako frontoian egingo duten informazio batzarrera. Bertan, orain arte baserriaren gainean gertatutakoa eta aurrerantzean egin beharrekoaz hitz egingo dute. Auzibide baten ondorioz, gaur egun Sainzigarrenea baserrian bizi diren maizterrak baserritik botatzeko arriskuan daude eta «egoera horren larritasuna eta justizia eza ikusirik guztion presentzia oso


  • Errenteriako Hitza-(e)k beste sarrera bat idatzi du Cross fit saioa egingo dute bihar gunean   duela 15 minutu · Ikusi

    Udal Kirol Patronatuak jakinarazi duenez, Cross fit saioa egingo dute, bihar, Abonatuaren Ordua ekimenaren barruan. Lehenengo ikastaroaw 10:30ean izango da, eta bigarrena, berriz, 11:30ean. Eguraldi ona eginez gero, Fanderiako zelai artifizialean egingo dute, eta euria eginez gero Galtzarabordako kiroldegiko gela batean. Ariketa funtzionalak biltzen ditu kirol horrek: salto egin, gauzak jaso, makurtu… baina intentsitatea handietan



lasterketak

Gaiak

36ko gerra

etxebizitza

Bereziak

gazta

literatura

etxebizitza

etxebizitza