Astelehena, 2014-12-22

Arcelorren Zumarragako lantegian ere erradioaktibitate zantzuak atzeman dituzte

Duela astebete eskas jakin zen Arcelor Mittal enpresak Olaberrian duen lantegian erradioaktibitate zantzuak atzeman zituztela. Zortzi egunen buruan, Zumarragako lantegian piztu dira orain alarma guztiak. Altzairutegiko ke-hautsa garraiatzen ari zen kamioi batean atzeman dute, eta Zesio-137ren aztarnak aurkitu dituzte lantegian bertan.

Enpresaren arduradunek, Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluari abisua pasa eta berehala neurriak hartzen hasi dira. Altzairutegiko fusio-labea geldiarazi egin dute aurrena. Kamioien irteera geldiarazi dute lantalde bat zenbaterainoko kutsadura izan den aztertzen ari da.

Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak adierazi duenez, aurreneko analisien arabera, Zesio-137 iturri erradiaktiboaren fusioak eragin du gertaera, baina horrek ez duela “eragin radiologikorik” izan azaldu dute, “ez langileentzat, ez biztanleriarentzat eta ezta ingurumenarentzat ere”.