Astelehena, 2014-11-24

Boluntarioak dira bi proben oinarria

Mendia gustuko dutelako, proiektua interesgarria dela iruditzen zaielako,  edo, besterik gabe, lagundu egin nahi dutelako, aurten ere ehunka pertsona izan dira Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak probak egiten diren bitartean eta aurretik eta ondoren, egin beharrekoetan laguntzeko izena eman dutenak. Gauza askok baldintzatzen dute bi lasterketen etorkizuna, eta horietako bat boluntarioak dira, beraiek direlako proba egin ahal izateko beharrezko organo nagusia eta bihotza.

Gipuzkoako hiru eskualdetan barrena mila boluntario inguru behar dituzte antolatzaileek probak antolatzeko. Iaz bezala, aurten ere, espero baino jende gehiagok eman du izena, eta orain egun gutxira arte, boluntarioen izen zerrenda luzatzen joan da etenik gabe. Boluntario talde bakoitzak egiteko zehatz bat izan du orain arte, eta ostiraletik aurrera ere berdin izango da.

Tolosako boluntario taldeko arduradun lanetan aritu da eta arituko da datozen egunetan ere Eriz Lasa leaburuarra. Tolosa da Ehunmiliak probako gune garrantzitsuenetako bat, bertan baitago ibilbide erdiko anoa postu nagusia, poltsak aldatzeko lekua, lo egiteko gunea…

Kiroldegiko instalakuntzak erabiliko dituzte korrikalariei zerbitzu horiek denak eskaintzeko: «Kantxa bat eta kirol talde ezbedinek entrenamenduetarako erabiltzen dituzten gelak ditugu eskura, eta halako azpiegiturak edukitzea abantaila handia da». Aurten, 50 boluntario inguruk eman dute izena Tolosako eta Zelatungo anoa guneetan laguntzaile gisa aritzeko.

Txandakako sistema
Antolatzaileen kalkuluen arabera, lehen korrikalariak goizaldeko laurak aldera iritsiko dira Tolosara, baina gunea antolatzen arratsaldean hasiko dira Lasa eta bospasei laguneko taldea. Zelatungo eta Tolosako anoa postuak antolatzen hasiko dira, eta 20:00aldera herriguneko ibilbide zatia zehazten. Ordura arte itxarotea erabaki dute, «herrian ahalik eta oztopo gutxiena sortzeko».

Orduan hasi eta larunbat arratsaldera arte, txandan arituko dira boluntarioak talde txikietan banatuta. Lasaren iritziz, «txandak egitea garrantzitsua da, bestela oso gogorra egiten da leku berdinean eta horrenbeste denboran geldi egotea».

Azpeitian eta Zaldibian ere berdina egingo dute. Josu San Sebastian Azpeitiako boluntarioen arduradunak zehaztu duenez, iaz boluntario guztiak elkarrekin egon ziren, atsedenik hartzeko aukerarik gabe. Esperientzia hura «oso nekagarria izan zen, tentsioa, lo egin ezina, nekea… pilatzen delako, eta aurten txandak egitea erabaki dugu». Azpeitiarrak ostiral eguerdian hasiko dira gauzak prestatzen.

Udalak utzi dien biltegi batetik gauzak atera eta behar diren lekura eramango dute materiala. Azpeitiako erdigunean anoa postua jartzea eta herrigunean ibilbidea zehaztea izango da hurrengo lana. Azpeitiako plazan 21:00etan hasiko dira lanean lehen txandako boluntarioak.

Tolosatik eta Azpeitiatik Ehunmiliak probako parte hartzaileak igaroko dira. Goierriko Bi Handietako korrikalariak, berriz, Zaldibiatik. Oier Aranburu eta Jon Gantzarain dira boluntario taldeko arduradunak. Aranburuk jakitera eman duenez, 30 pertsona inguruk eman dute izena orain arte boluntario izateko. «Proba egunean, ordea, jende gehiago gerturatuko da laguntzera». Zaldibia erdigunetik Larraitzera arteko zatian egingo dute lan herritarrek, tartean Gazteluko gainerako bidean.

Probak iraungo duen hiru egunetan, ordea, dena ez da lana izango, hainbat herritan ekintzak antolatu baitituzte, adibidez, Zaldibian. G2Hko korrikalariak 23:00etan irtengo dira Beasaingo plazatik, eta Zaldibian izango dute lehen anoa postua. Gau erdirako ordu laurden faltan iritsiko dira aurreneko parte hartzaileak Txindokipeko herrira, eta gaueko zati hori aprobetxuz, zaldibiar boluntarioek elkarrekin afaria egingo dute.

Afal ostea alaitzeko eta korrikalariei ongi etorria egiteko, herriko trikitilariek saioa ere egingo dute Zaldibian ostiraletik larunbaterako gauean. Azpeitian ere bazuten zerbait antolatzeko asmoa; azkenean, ordea, ezer ez egitea erabaki dute, «proba gauez igarotzen delako herritik, eta zarata askorik ezin delako egin».

Etorkizuneko lasterketak
Lasa leaburuarrak, San Sebastian azpeitiarrak eta Aranburu zaldibiarrak bat egiten dute Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak probek etorkizun oparoa izango dutela esatean.
Lasaren arabera, «mendiaz hala gozatu nahi dutenei ere eman behar zaie aukera, eta hau inguru aproposa da horretarako». Datozen urteetan jakingo da bi urte hauetan egindakoak zein emaitza emango duen, baina «honek aurrera egin nahi badu, boluntarioak zaindu egin behar dira, beraiengan oinarritzen delako», gaineratu du. Hala ere, bidea «aberasgarria» izan daitekeela uste du, «hiru eskualdeentzako oso interesgarria izan daiteleekako eta kanpoko jendea erakartzeko pizgarri bat».

San Sebastinek uste du etorkizunera begira jarraipena izango dutela bi probek. «Zailena boluntarioak lortzea izango da, baina kanpotik datorren jendeak Euskal Herria gehiago ezagutzeko aukera izango du, eta erakusleiho hori izatea oso garrantzitsua da, herri eta tontor asko ezagutzera emateko balio duten probak direlako biak».

Aranburu ere ideia berekoa da: «Hasieratik lortu dute jendea inplikatzea, parte hartzaileak eta boluntarioak, eta gauzak orain arte bezala egiten jarraitzen badute, jendeak bi urte hauetan erantzun duen bezala erantzungo duela uste dut».

, ,