Asteazkena, 2014-09-03

Esperientziatik ikasi, esperientziak trukatu

Zer da bizitza, esperientziak pilatzea ez bada? Adinak eta urteen joanak, gero eta jantziago egiten dute gizakia, eta esperientziatik ikasten du, gero esperientzia horiek konpartitu eta besteei erakusteko. Bide horri heldu zion Esperientziaren Eskolak duela hamar urte. Goierri osoko hamahiru lagunek parte hartu dute azken promozioan, eta esperientziak merezi duela sinetsita, datorren urterako ikasturtea prestatu nahian dabiltza.

Lehen urteetan Esperientziaren Eskola izan zen, Esperientziaren Foroa bihurtu da orain. Izena aldatu badute ere, proiektuaren izanak bere horretan jarraitzen du. Ikasteko adin mugarik ez dagoela eta, 50 urtetik gorako ‘ikasleak’ biltzen jarraitzen dute. Bukatu berri den ikasturtean, hamahiru lagunek parte hartu dute, denak goierritarrak. Ikasle horiek, Beasain, Lazkao, Itsasondo, Legazpi eta Zumarragakoak dira, besteak beste.

Ikasitakoarekin gustura
Hamargarren promozioa atera berritan, parte hartu duten ikasleek beraien balorazioa egiteko aukera izan dute, gainontzeko ikaskideen aurrean. Benjamin Guedek esaterako, arrazoi ugari izan zituen matrikula egiteko: «ikasle ohien gomendioagatik, denbora librea betetzeko, jakituria berria lortzeko…». Ikasle taldean «pertsona apartak» bilatu dituela dio, baina baita «maila oso altuko irakasle eta profesionalak ere». Horrez gain, gehien baloratzen duena, «erretiro aktibo bat nola aurrera eraman» ikastea izan da. Taldeko giro ona eta konpromisoa azpimarratu ditu.

Uste berekoa da Mari Carmen Auzmendi ere. «Denbora librea nuelako animatu nintzen». Esperientziaren foroa «bizipen positiboa» izan dela dio, gertuko taldea eta «gaurkotasun handiko ikasgaiak» aurkitu dituelako. «Nahikoa ikasi dut eta ezinegon bat piztu da nigan». Hala, aurrerantzean sortzen diren proiektuetan eta ikasle ohien taldean parte hartzeko asmoa agertu du.

Jesus Mari Zumaldek berriz, aurre-jubilatu zutenean animatu zen. Kurtso bukaeran, «prestatuago eta ikasten jarraitzeko motibatuago» dagoela dio. Eskolako proiektuari begira lan talde bat osatu dutela azaldu du.

Azkenik, ikastaroak bere aurreikuspenak «gainditu» egin dituela kontatu du Marian Garmendiak. «Betiko ikasgai klasikoez gain, ematen diren aldaketak ulertzen lagundu diguten gaur egungo gaietara gerturatzeko aukera» izan dutela dio eta horrek, «bai gizartean eta bai inguruan hobeto moldatzeko baliabideak» ematen dizkie.

Matrikula zabalik
Ikasturtea bukatu orduko, Esperientziaren Foroan dagoeneko hasi dira datorren urtekoa prestatzen. 2011-2012 ikasturtean parte hartu nahi dutenek, dagoeneko eman dezakete izena. Horretarako eta informazio gehiago jasotzeko, Goiekira jo edo telefonoz dei dezakete, 943 16 15 37 zenbakira.

, ,